Altzairu herdoilgaitzaren fabrikazioan liderra den Jindal Stainless Limited konpainiarekin duen enpresa-hitzarmena berritu du beste bost urterako Fagor Industrialek

2016.11.07

Oñati, 2016ko azaroaren 7a. Indiako metalurgiaren eta burdin eta altzairu herdoilgaitzaren fabrikazioaren sektorean, enpresarik garrantzitsuenetarikoa da Jindal Stainless: puntako teknologia erabiltzen du eta, batez beste, 1,8 milioi tona ekoizten ditu urtean, eta bai 2000 milioi euro inguru fakturatu ere. Fagor Industrialek, ostalaritza, talde handientzako sukaldaritza eta garbitegietarako ekipamendu integralen fabrikazioan espezializatutako enpresak, hitzarmen garrantzitsu bat berritu du gaur konpainia horrekin.

2008an abiarazitako eta gaur beste bost urtetarako berritutako joint venture hitzarmen horri esker, ebaketa- eta leunketa-planta bat ireki zen Lucenan (Kordoba). Horrela, just in time hornidura bermatzen zaie Fagor Industrial S. Coop. enpresari eta euskal kooperatiba hori barne hartzen duen ONNERA Group taldeko gainerako enpresei. Lehenengo hitzarmen haren ondorioz, Iberjindal S.L. baterako elkartea sortu zen. Ordutik, Europako merkatuan arrakastaz ezartzea lortu du eta, aurreikuspenen arabera, 2016an % 40 haziko da haren fakturazio-bolumena aurreko urtearekin alderatuta.

Konpainia bientzat oso produktiboa izango den hitzarmen hori berritzearen garrantzia dela eta, Espainiara etorri dira Jindal Stainless Group enpresako hainbat zuzendari. Horrela, kalitate, bikaintasun eta arrakastaren sinonimo den enpresen arteko elkartasuna sendotzeko asmoa dute. Eskaintzen dituzten produktu eta materialen sorta handiaren eta ikerkuntzaren bidez, operazio industrial eta prozesu berritzaileak gauzatzen dituzte enpresa biek eta, horri esker, gailendu egin dira nazioartean.

Honako hauek izan dira Indiako segizioko kideak: Vijay Kumar Sharma jauna, Jindal Stainless Limited enpresaren presidenteordea (Head Marketing & Sales, Domestic & International), eta S. K. Goyal jauna, Jindal Stainless enpresako Head International Sale kargua duena.

S. K. Goyal eta Unai Aslak, ONNERA Group taldeko finantza-zuzendariak, sinatu dute hitzarmena.

Konpainia bien arteko harremanak beste bost urterako berritzeko ekitaldian (aurrerantzean, automatikoki berrituko dira), Iberjindal S.L. enpresako kudeatzaile den Aditya Kumar jaunak ere hartu du parte. Jindal Stainless enpresak Europan duen lehen instalazioa da enpresa hori, eta formatu pertsonalizatuak eta just in time zerbitzuak eskaintzen dizkie Espainiako bezeroei. Urtero, 18.000 eta 14.500 tona lantzen dituzte lantegi horretako konbo-lineak eta leuntze-lineak, hurrenez hurren. Bestalde, Indiako enpresak hornitzen du zuzenean lantegia prozesuetan erabiltzen diren altzairu herdoilgaitzezko bobinez.

Azken urteetan, Fagor Industrialek eta Jindal Stainless enpresak nazioarteko hedapenaren alde hartutako konpromiso sendoari esker, hazi egin da ONNERA Group taldea, eta 217 milioi euro irabaztera iritsi da 2015eko ekitaldian.

Jindal Stainless Group enpresari buruz

1970ean sortua, Indian altzairu herdoilgaitza fabrikatzen duten enpresarik handienetakoa da Jindal Stainless Group, eta munduko hamar handienen artean dago. Urtean, 1,8 milioi tona gordin altzairu (MTPA) ekoizten ditu Jindal Stainless Group konpainiak, eta bai 2000 milioi euro inguru fakturatu ere.

Indiako ekialdean dago Jindal Stainless konpainiaren abangoardiako fabrika, Orissa estatuan hain zuzen. Indian altzairu herdoilgaitzaren fabrikatzaile integratu handienetakoa da Jindal Stainless Limited, urtean milioi bat tona ekoizten dituelarik. Altzairu herdoilgaitzaren urteko ekoizpen hori 3,2 milioi tonaraino handi daiteke.

Fagor Industriali buruz

Fagor Industrial, Mondragon taldearen barruan dagoen kooperatiba, espezialista da ostalaritza, talde handientzako sukaldaritza eta garbitegien sektorerako soluzioak eskaintzen, bertan fabrikatzen den produktu gama berritzaile zabalari esker. Fagor Industrial nazioarteko ONNERA Group enpresa-taldearen barruan dago, 9 fabrika ditu mundu osoan banatuta eta 1.800 langilek egiten dute lan bertan.

Altzairu herdoilgaitzaren fabrikazioan liderra den Jindal Stainless Limited konpainiarekin duen enpresa-hitzarmena berritu du beste bost urterako Fagor Industrialek