Gama osorako serieko Automatic Cleaning funtzioa eta garbitegietarako makineriaren belaunaldi guztiz eraberritua dira Fagor Industrialek 2016an Gulfood-en aurkeztuko dituen bi apustu handiak

2016.02.18

Oñati, Gipuzkoa, 2016ko otsailaren 18a. Ondoz ondoko zazpigarren urtez, Fagor Industrialek Dubaiko Gulfood azokan hartuko du parte. Otsailaren 21etik 25era, talde handientzako sukaldaritzaren eta ostalaritzaren industriako makineria- eta lehengai-hornitzaile nagusiak egongo dira erakusleiho mundial honetan.

Edizio honetan, Fagor Industrialen garbitegietarako makineriaren belaunaldi berria zuzenean ezagutzeko aukera izango dute Gulfood 2016ko bisitariek. Belaunaldi berri honek garbigailu, lehorgailu, tolesgailu eta lisagailuak ditu barne. Produktu berri hauek errendimendu eta produktibitate handiagoak emateko daude diseinaturik, betiere kontuan hartuz energia-eraginkortasuna eta denboraren aurrezpena.

Garbitegietarako makineriaren katalogo berriko nobedadeen artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

● Garbigailuak: Touch Plus Control programagailu berria dute, erabiltzaileak programazioa errazago erabili ahal izan dezan, eta, gainera, garbitegiak kudeatzeko aukera berriak emango dituzte. Gainera, garbigailuen gamak zentrifugazio altu nahiz estandarreko modelo berriak ditu, eta honek merkatuko gamarik osoenetako bat bihurtzen du.

● Lehorgailuak: nabarmentzekoak dira Heat Pump lehorgailuak: High Efficiency eta Green Evolution Plus. Energiaren % 60 eta % 40ko aurrezten dute, hurrenez hurren. Energia are gehiago aprobetxatzera eta lehortzeko denbora laburtzera bideratutako osagarri eta prestazio anitzak dituzte modelo berriek (SR-SC 23 eta SR-SC 28 modeloak gehitu dizkiogu gamari).

● Hesi sanitarioa duten garbigailuak: 16 kg-tik 100 kg-rako edukiera dute, eta irmotasuna, zentrifugazio-abiadura handia eta instalazio erraza dituzte bereizgarri. Touch Plus Control programagailu berriak ukimen-pantaila eta prestazio aurreratuak ditu. Aurretik kargatzen diren garbigailuekin bateratu da, eta malgutasun handia eskaintzen dio erabiltzaileari. Gainera, garbiketa-prozesua ikuskatu ahal izateko, garbitegiko gune garbian kokatzen den pantaila gehigarri bat dakar.

● Horma-kalandrak: 50 cm-ko arrabolaren gamako produktuek lan-zabalera handiagoa dute, eta gasezko modeloetan, gas-erregailu erradiatzaile berriari esker, beren produktibitatea % 25 igo da.

● Horma-lisagailuak: bikainak dira jatetxe, hotel txiki edo ostatuetarako, toki oso txikietan ipin daitezkeelako eta ez dutelako ia instalaziorik behar (korronte elektrikoa baino ez), ez baitute inolako erauzketa edo konexiorik.

● Kalandra konpaktuak: gasa aurrezteaz gain, espazioa ere nabari aurrezten dute; izan ere, 27 metro karratu baino gutxiagoan, 290 kg lisa ditzakete orduan. 3.300 mm-ko arrabolari esker, 3.300 x 3.000 mm-ko jantziak lisatu eta toles daitezke.

Era berean, labeen belaunaldian ikusi ahal izango da nobedadeetako beste bat; izan ere, hilabete honetatik aurrera, egosketa-ganbera garbitzeko Automatic Cleaning serieko funtzioa izango dute Concept eta Advance gamek.

Berrikuntza hauez gain, egosketari dagokionez, Fagor Industrialek SYMPHONY lineako bloke bat erakutsiko du. Neurrira egindako sukalde bat da hau, eta, bere lan egiteko erara molda dadin, sukaldariburuak osagai ezberdinak nahieran egoki ditzake. Gailu, forma, tamaina, osagarri eta aparteko diseinu eta kalitateko akabera anitzeko sorta honekin, bezero guztiei atsegin emateko tresna ezin hobea sortu ahal izango du.

Hotz komertzialaren atalean, Neo belaunaldiko hainbat armairu eta mahai erakutsiko ditu Fagor Industrialek. Katalogo hau guztiz eraberrituko da urteko bigarren erdian. Gainera, CONCEPT eta ADVANCE gametako E-VO ontzi-garbigailuen belaunaldiko zenbait produktu ere egongo dira erakusketan. Merkatuko azken berrikuntzak dituzte gailu hauek.

Dubai World Trade Centre-ek Gulfood azoka jasoko du, eta hartara 160 herrialdetako 90.000 bat bisitari bertaratuko direla aurreikusi da. Azokan, nazioarteko 110 pabiloi baino gehiagotan, 120 herrialdetako 5.000 enpresa espezializaturen produktu eta zerbitzu berdingabeak ezagutzeko parada izango da. Fagor Industrialen erakusketa-gunea, zehazki, helbide honetan egongo da kokaturik: Za’abeel New Halls 6 Stand Z6-C25.

Negozio-bolumena % 24 hazi da

Ekialde Hurbilean negozio-bolumena handiagotzeko asmoa duten ostalaritza-sektoreko profesionalen elkargune nagusitzat finkatu da Gulfood azoka. Fagor Industrialen kasuan, azken urteotan % 24 inguru hazi da Ekialde Hurbilean. Arabiar Emirerri Batuetan Fagor Industrialek dituen banatzaile baimenduen eta ordezkaritzaren lanaren ondorioa izan da hazkunde hori, handik Ekialde Hurbil osora eta Hego Asiako Eskualdeen Lankidetzarako Elkartera (SAARC) bidaltzen baitira produktuak.

«Ekialde Hurbileko merkatua oso garrantzitsua da Fagor Industrialentzat, gobernuaren nahiz ekimen pribatuko proiektuak garatzeko joera ona duen gunea baita. Egoerak eta petrolioaren salneurriak datozen proiektuetan eraginik ez izatea espero dugu. Nolanahi ere, 2016 urteari dagokionez, baikorrak gara», baieztatu du Denis Llodiok, Fagor Industrialeko export managerrak.

«Gulfood aukera ona da gure azken produktuak jendarteratzeko eta, artean, bisitariengandik eta profesionalengandik ahalik eta hurbilen egoteko. Talde handientzako sukaldaritzaren eta ostalaritzaren alorrean, gure markak soluzio integral bat ematea da kontua, eta bai negozio-ildo eta bezero berriak lortzea ere. 360º-ko produktu anitzen eskaintzari dagokionez, erreferentziako hornitzailea gara; proiektuak era ezin hobean kudeatzen ditugu, eta saldu aurretik eta saldu ondoren ematen dugun zerbitzuak eraginkortasun handia du. Honen ondorioz, harrera ona egiten digute, erosleek beren beharrizan guztiak asetzen dituen enpresa bat dutelako gugan. Eta asebetetze horrek motibatzen gaitu, hain zuzen, gure produktuetan hobekuntzak eta berrikuntzak egiteko», ziurtatu du Llodiok.