Baxera garbitzeko E-VO belaunaldi berria aurkeztu du Fagor Industrialek

2015.01.26

Fagor Industrialek baxera-garbiketako E-VO belaunaldi berria aurkeztu du, sukalde profesionalei ahalik eta etekin gehiena ateratzeko.

Garbiketaren munduan iraultza eragiteko asmoz, E-VO belaunaldi berriak arreta jartzen du produktu adimendunagoak, fidagarriagoak, sendoagoak, eraginkorragoak eta, aldi berean, erabilerrazagoak eskaintzeko. E-VOk merkatuko gamarik altuenen berezko abantaila eta zehaztasun guztiak eskaintzen ditu, baina makina basikoagoekin. Egitura bakar sinplifikatuari esker, gama bakoitzaren teknologiari zein merkatuko beharrei egokitzen zaie, eta goi-mailako kalitate gorena bermatzen du modelo ekonomikoagoen bidez. Makinerian eta fabrikaziorako erremintetan egindako inbertsio-ahalegin handiaren fruitu, enbutizioen bidez ekipamenduak sinplifikatzeko aukera dago, pieza torlojutu gutxiago behar baitira. Hortaz, fidagarritasuna, sendotasuna, segurtasuna, eta garbiketa eta mantentzerako erraztasuna ezin hobeak dira.

Behar oro asetzen dituzten hiru gama

Fagor Industrialek familia bakarrean biltzen ditu edozein establezimenduren behar guztiak. Abantaila eta funtzionalitate horiek denak baxera garbitzeko belaunaldi oso eta zabalean islatu dira, hiru gamaz osatutakoa.

Baxera garbitzeko belaunaldi berriaren izarra E-VO ADVANCE gama da, onena gura dutenentzat pentsatua eta erabiltzeko nahiz mantentzeko erraza. Profesionalek amets ditzaketen baldintzak betetzen dituzte E-VO ADVANCE makina adimendunek: punta-puntako teknologia, sendotasuna, garbiketa-programak pertsonalizatzeko aukera (denbora eta tenperatura), autogarbiketarako funtzioak, bai eta mantentze-denborak optimizatzeko autodiagnosia ere. Azken finean, makina esklusiboa da, gaurko inbertsioak, bihar, errentagarri bihur daitezen.

E-VO CONCEPT+, aldiz, ezin hobea da sare-presio baxuko eta urberritze-eskakizun handiko instalazioetan erabiltzeko. Izan ere, gama gorenen onura zein ezaugarri guztiak uztartzen ditu, erraz erabil daitekeen aginte-panel elektromekanikoarekin. Bereziki eraginkorrak diren garbiketa- eta urberritze-sistemak eskaintzen ditu (EFFI-WASH eta EFFI-RINSE), eta edozein garbiketa-guneren aliatu bikaina da.

Azkenik, E-VO CONCEPT da aukerarik egokiena baxera garbitzeko makineria bakun, fidagarri, sendo eta eraginkorraren bila ari direnentzat. E-VO Advance eta E-VO Concept+ gamarik altuenak bezala, E-VO Concept oinarrizko gamak serieko gorputz erabat enbutitua du (garbiketa-upela, saskiak eusteko gida, garbiketa- eta urberritze-besoak, altzairu herdoilgaitzekoak, kontratea, etab.), horma bikoitzekoa (atea eta gorputza), eta kontrol-panel eta osagarri elektromekanikoekin. Era berean, aurretik eta goitik kargatzeko E-VO ontzi-garbigailuek GN 1/1 erretiluak garbi ditzakete, aurretik irekitzen den ahoak 380 mm-ko gutxieneko altuera baitu; alegia, gaur egungo sukaldeen ezinbesteko baldintza, etorkizunean ere hala izango dena. Gainera, ezin daiteke ahaztu nola instalazio bakoitzera hala baldintza elektrikoetara egokitzeko duen gaitasuna, potentzia anitz dituelako eta konexio anitzeko kutxaren bidez, irisgarritasun teknikoa errazten duelako.

Baxera garbitzeko belaunaldi berriaren onurak

E-VO belaunaldi berriaren abantailarik nagusienetako bat da eguneko kontsumoa nabarmen aurrezten dela, merkatuan dauden makina estandar eta gama altuko makinekin alderatuta. Horrenbestez, belaunaldi lehiakor eta errentagarri bihurtu da. Baxera garbitzeko belaunaldi berriari esker, ur-kontsumoa murrizten da, bai goitik kargatzeko modeloetan bai aurretik kargatzekoetan, eta eskuragarri dauden gama guztietan gutxitzen du eguneko kontsumoa.

Erraztasunari eta sendotasunari lehentasuna eman zaie. Hori dela-eta, gorputza sinplifikatzeko, pieza enbutituak eta robot automatiko bidezko soldatzea erabili ez ezik, osagaiak ere murriztu dira, makinaren fidagarritasuna areagotzeko. Mantentze eta instalazio denbora zein kostuak minimizatze aldera, osagaietara errazago irits daiteke orain, eta azpimarratzekoa da makinaren tentsioa eta potentzia instalazioaren baldintzetara egokitzeko erabiltzen den konexio anitzeko kutxa, edozein ezusteko edo azken orduko aldaketa insitu ebatz daitekeelako.

Belaunaldi horrek ingurumenarekin duen konpromisoa ere aipatu beharra dago. Makinen %50 birzikla daitezke, eta eguneko kontsumoaz bestalde, ingurumenaren gaineko eragina optimizatzen da.

“Baxera garbitzeko E-VO belaunaldi berria merkaturatzearekin batera, bai kalitatea bai prestazioak hobetzen dira, hain garrantzitsuak diren ekonomia eta iraunkortasuna ahaztu gabe”, adierazi du Juan Alosek, Fagor Industrialeko produktu-buruak. “Merkatuko ontzi-garbigailurik aurreratuenak, sendoenak eta egokikorrenak diseinatzeko ahalegina egin dugu enpresan, eta belaunaldi hau horren emaitza da; beharrak behar, sukalde profesionalen egunerokotasuna errazteko pentsatua baitago”, ondorioztatu du Alosek.

Baxera garbitzeko E-VO belaunaldi berria aurkeztu du Fagor Industrialek