Gaurkotasuna

Itzuli

Autozerbitzuko garbitegia diseinatzerakoan kontuan hartu beharrekoak

2015.06.03

Gaur egun, ohitura sozial berriak direla-eta, autozerbitzuko garbitegien sektoreak goranzko joera du gure herrialdean. Zenbait faktore, hala nola denborarik eza edo populazioaren errotazioa, agertoki bikainak dira horrelako garbitegiak heda daitezen. Mota horretako zerbitzuen ohiko erabiltzaileen artean ikasleak, etorkinak edo bakarrik bizi diren pertsonak daude. Izan ere, garbitegietan arropa garbitzeko eta sikatzeko aukera dute, modu arin, erraz eta, batik bat, ekonomikoan.

Testuinguru hori kontuan hartuta, Fagor Industrialek, ostalaritza, talde handientzako sukaldaritza eta garbitegien sektoreko fabrikatzaile espezialistak, autozerbitzuko garbitegia diseinatu eta martxan jartzerakoan kontuan hartu beharreko aholku batzuk partekatu ditu:

1. Kokapen ona bilatzea: garrantzitsua da autozerbitzuko garbitegia kokatuko den lokala aukeratzea, dela eremuaren dela dimentsioen aldetik. Merkatalguneak, aparkalekuak, unibertsitate-guneak, hotelak edo turismo-guneak dira lekurik aproposenak horrelako zerbitzuetarako. Dimentsioei dagokienez, 40 eta 50 m2 arteko azalerak aurreikusi behar dira. Funtsezkoa da lokalak garbiketarako eta lehorketarako lekua izatea, bai eta arropa tolestekoa ere.

2. Aukeratu makineria egokia: garbitegi txiki bateko oinarrizko makinak garbigailuak eta lehorgailuak dira. 40 m2-ko lokal batean, esaterako, ondokoa litzateke egokiena: ur beroarekin funtzionatzen duten lau garbigailu (11 kg-ko karga duen garbigailu bat, eta 14 kg-ko hiru), 11 kg-ko karga duen gasezko lehorgailu bat eta gasezko lehorketa-zutabe bikoitza, 16 kg-ko kargarako bi lehorgailuekin. Makineria hainbat gailurekin osatuko litzateke, hala nola ordainketa-zentrala, produktu-makina, arropa tolesteko gainaldea, aulki sorta, mahaitxo osagarria eta arropa bustia eramateko plastikozko saskiak.

3. Mugikortasuna erraztea eta argiztapenaz hornitzea: nahikoa lekua egon behar du desplazamendua bermatzeko, baina tarte zabalegia utzi gabe, makineriarako metroak alferrik galduko lirateke-eta. Lan-fluxua ahalik eta modu logiko eta erosoenean antolatu behar da, makina batetik bestera arropa eramaterakoan ere bai. Interesgarria da garbigailu handienak atetik hurbil kokatzea; horrela, bezeroak ez du lokal osoa zeharkatu beharko baldin eta arropa ugari badarama.

Argiztapena oinarrizko elementua da ikuspena areagotu eta publikoarentzako egokia nahiz erakargarria den giroa sortzeko. Kanpora begirako beirateria zabalak edukitzea ere lagungarria da.

4. Saltzeko makinak: erabiltzaile batzuek etxetik eramaten dituzte garbiketarako produktu eta leungarriak, baina gehienek garbitegian bertan instalatutako makina automatikoan eskura edukitzea espero dute. Autozerbitzuko makinek txanponak sartzeko gailuak badituzte, billeteak eta txaponak trukatzeko makina ere jarri beharko litzateke.

5. Gela teknikoa eta biltegia atontzea: beharrezkoa da eremu osagarria egokitzea, beste funtzio tekniko eta mekaniko batzuk gauzatu ahal izateko. Adibidez:

-  Konexio elektriko, ur- eta gas-hargune, hustubide eta makinen ateratze-sistemekin loturiko atal eta guneetara sarbidea izateko; baita makinen barrura sartzeko ere, horiek konpondu eta mantentze aldera.

- Ur- eta gas-kontagailuak, ur-metagailua eta konexio-kutxak kokatzeko.

- Saltzeko makinetara eta ordainketa-zentralera sarbidea izateko.

- Lokala garbitzeko produktuak biltegiratzeko.

- Detergente-dosifikagailu automatikoetara eta dosifikazio-bonbetara sarbidea izateko.

6. Makineria lerrokatzea: makinek askotariko tamainak eta altuerak izan ohi dituztenez, kokatze-neurriek egokiak izan behar dute. Komenigarria da garbigailurik txikienak obra-zokalo baten gainean kokatzea; horrela, altuen parera egongo dira. Lehorgailuak erabilerrazak direnez, nahikoa da zamarako ateak eta kontrol-panela irisgarriak izatearekin. Hortaz, askoz errazagoa da izango da aurrealdeak horman lerrokatzea.

7. Informazio grafikoa jasotzea: funtsezkoa da autozerbitzuko garbitegia erabiltzera gutxien ohituta daudenak arin eta erraz ulertu ahal izatea arropa garbitu edo sikatzeko urratsak. Horretarako, jarraitu beharreko urratsak oso modu grafikoan azaldu beharko dira, makinen gaineko horman kokatutako argibide-panel handi batean.

8. Segurtasun-elementu osagarriak gehitzea: gomendagarria da segurtasun-kameraren bat edukitzea, instalazio osoaren egoera ezin hobea bermatzeko. Gainera, establezimenduan segurtasun-alarma, su-itzalgailuak, etab. instalatzea aholkatzen da.

9. Gune osagarria atontzea eta itxaroteko aulkiak jartzea: lokalean beharrezkoa da gainalde edo mahai batzuk ipintzea, arropa edo tamaina handiko jantziak tolestu ahal izateko. Garrantzitsua da ere garbitegian plastikozko saskiak jartzea, garbitutako arropa bustia hartu eta lehorgailuetara eraman ahal izateko. Era berean, gomendagarria da itxarongunea atontzea, zenbait aulki eta mahaitxo batekin. Bertan, aldizkariak edo denbora-pasak egongo dira, garbiketa edo lehorketa gauzatu bitartean lokalean geratu nahi duten bezeroentzat.

Ondorengo adibidean, 40 m2-ko lokal baten diseinua erakusten da; makineria osoa linean dago kokatuta.

Ezaugarri horiek dituen lokala ondoko makinez hornitu beharko litzateke:

Lokal publikoan:

- Ur beroarekin funtzionatzen duen garbigailua, 11 kg-ko karga duena; Fagorren LA-10 MA AC modeloa.

- Ur beroarekin funtzionatzen duten hiru garbigailu, 14 kg-ko karga dutenak; Fagorren LA-13 MA AC modeloa.

- Gasezko lehorgailua, 11 kg-ra arte kargatzeko egokia; Fagorren SR/G-10 MP-A modeloa.

- Gasezko lehorketa-zutabe bikoitza, 16 kg-ko karga duten bi lehorgailurekin; Fagorren SR-2-16 MP A G modeloa.

- Fagorren ordainketa-zentral bat; guztira zazpi makina kontrolatzeko interfaze-plakak, horma markoa eta txartelak hartzeko gailua izango ditu.

- Produktu-makina (detergenteak, leungarriak…).

- Arropa tolesteko gainaldea.

- (Edenoxen MC-147 motako mahaiez osatuta egon daiteke).

- Aulki sorta eta mahaitxo osagarria, bezeroek bertan itxaron dezaten.

- Plastikozko saskiak, arropa bustia eramateko.

Barruko gela teknikoan:

- Gasezko ur-metagailua, 250 litro/ordu emateko.

- Konexio-kutxak, etengailuak, kontagailuak eta ura, elektrizitatea eta gasa ixteko giltzak.

- Metagailuaren eta gasezko lehorgailuen keak eta lurrunak erauzteko sistemak eta hodiak.

- Garbiketa produktuak gordetzeko armairua, Edenoxen AL1P-66 motakoa.

- Harraska-isurontzia, Edenoxen FV-66 motakoa.

- Eskuak garbitzeko konketa, xaboi dosifikagailuarekin; Edenoxen LP-44 D motakoa.

 

 

Autozerbitzuko garbitegia